Euskal Jiraren historia. Bere jatorria.
Irungo euskal jira gizon eta emakume euskaldunen zaletasunak eta ohiturak gogoratzeko asmoz jaio zen. Artxibategiko dokumentuetako informazioaren arabera, lehen euskal jira 1928ko abuztuaren 15ean ospatu zen. Bere hasieratik gaur egun arte, euskal jirak hiru aro edo etapa izan ditu. Lehenbizikoa 1928tik 1935era izan zen.
Gerrate zibilaren urteetan eta ondorengoetan debekatua egon zen. Etenaldiaren ondoren, berriro ospatzen hasi ziren 50eko hamarkadan. Jostallu Elkarteak 1951 eta 1955.urteetan batelen arteko estropadak antolatu zituen. Probintzia eta estatu mailako txapelketa hauekin batera, euskal jira ere ospatu zen urte haietan. Baina azken aroa ez zen 1979. urtera arte etorri. Orduan, zenbait kultur elkarteren eta pertsonaren lanari esker jai honi berriro ekin zitzaion.
Euskal jira gure historian zehar, baina oraindik ere, bizirik dagoen adierazpen gisa azaltzen zaigu. Gure kulturaren eta historiaren zati inportantea izanik, orain dela gutxi arte ohikoa izan den ondare hau gorde nahi da. Bertan lekua egiten zaie antzineko ohiko gauzei: lanabesei, lanbideei, tresneriari, jantziei... baita eraikin eta egoera anitzei ere. Zenbaitentzat elementu hauek oraindik oroimenean gordeta dauden gauzak dira. Beste batzuentzat ordea, kutsu arkaikoz betetako fenomenoa da.
Lehenengo Euskal Jiretan San Martzial mendiraino joaten ziren, bertan erromeria bat eginez eta bakoitzak eramandako jakiekin bazkari bat eginez. Ondoren Irunera jaisten ziren berriro, baserritar jantzi tipikoak soinean. 1979an Euskal Jirari berriro ekin zitzaionean San Martzialerako igoera kendu, eta horren ordez Irungo kaleetan zehar desfile bat egiten hasi zen. Ondoren, sagardoz lagundutako sardina jatea egiten da.
Euskal Jirako desfilearen ezaugarri nabarmen eta bereizgarriena idiek tiratutako gurdiak dira. Gurdi hauen gainean gai desberdinak azaltzen dira, zein baino zein originalagoa. Guztiak eskuz eginak dira, bertan parte hartzen duten elkarte kulturaletako kideek landuak. Gai hauek normalean Irungo eraikin edo leku ezagunak, eta antzinako ohiko lanak dira. Antolakuntzaren asmoa, pertsona eta elkarte laguntzaile guztiekin batera gure herriaren eta arbasoen balore positiboak berriro hartzea eta etorkizunera proiektatzea da, horrela gure herri maitearen ondare zaharrenak gorde ditzagun.